2. Fasearen Bigarren Zuzendaritza Batzordea eta jardunaldi dibulgatzailea, haragitarako behi-aziendaren ustiategiak hobetzeko tresna digitalak sartzea sustatzen duena

GESVAC 4.0 – 2. Fasea proiektu berritzaileak aurrera darrai haragitarako behi-aziendaren ustiategien jasangarritasuna, errentagarritasuna eta kudeaketa hobetzera bideratutako konponbide teknologikoak garatzen.
Proiektuaren Talde Eragileak 15 erakunde bildu ditu –horien artean, LURSAIL, CONABAren ordezkari gisa–. Erakunde horiek Estatuko haragitarako behi-aziendaren sektoreko esparru guztiak bildu dituzte, hain zuzen, 1.500dik gora ustiategi.
Ekimen horrek datuen integrazioan eta analisian dihardu, erabakiak modu eraginkorragoan eta informazio objektiboan oinarrituta har daitezen laguntzeko; halaber, ekoizpen-kate osoaren digitalizazioa eta ezagutzaren transferentzia bultzatzen ditu sektorean.
Lan horren esparruan, Zamoran proiektuaren beste une gogoangarri bat gertatu da oraintsu: 2. faseko Bigarren Zuzendaritza Batzordea eta abeltzaintzako profesionalei zuzendutako jardunaldi dibulgatzaile bat egin ziren, eta horietan guk parte hartu genuen. Topaketetan, etapa berri horretarako aurreikusitako aurrerapen tekniko nagusiak eta ekintza dibulgatzaileak berrikusi ziren, eta, gainera, funtzionalitate digital berrien garapenarekin, teknika berritzaileen bidez haragiaren kalitatea ebaluatzearekin eta abeltzaintzako ustiategietako isurpenak aztertzearekin lotutako aurretiazko emaitzak ezagutarazi ziren.
Jardunaldi dibulgatzailearen eskutik, aurrerapen horiek abeltzaintza sektoreari ezagutzera eman zitzaizkion, eta ustiategien ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna hobetzen lagunduko duten tresna teknologikoak txertatzeak duen garrantzia nabarmendu zen. Halaber, karbono-aztarnarekin, abeltzaintzako maneiuari aplikatutako berrikuntzarekin eta datuen erabilerarekin lotutako gaiak jorratu ziren, eguneroko kudeaketarako laguntza estrategiko gisa.
GESVAC 4.0 proiektuaren 2. Fasea proiektuaren lehen etapan garatutako plataforma digitala hobetzea eta eguneratzea du ardatz, eta, horretarako, azterketa bioekonomikoarekin, ingurumen- eta gizarte-inpaktuaren kalkuluarekin eta animalia bizien haragiaren kalitatea eta kantitatea ebaluatzeko sistema aurreratuen garapenarekin lotutako funtzionalitate berriak txertatu ditu. Era berean, ustiapen bakoitzeko txosten indibidualizatuak egitea eta haragitarako behi-aziendaren kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa ahalbidetuko duten metodologiak garatzea aurreikusten du.
Proiektua Espainiako NPBren Plan Estrategikoaren esparruan finantzatzen da (PEPAC, gaztelaniazko sigletan), Nekazaritzako Produktibitatearen eta Jasangarritasunaren arloko Berrikuntzarako Europako Elkartearekin (AEI-AGRI, gaztelanizko sigletan) lotutako interes orokorreko berrikuntza-proiektuetarako. Finantzaketaren % 80 Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) eman du, eta % 20, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak.
