Elkartu eta inspiratzeko aukera, gazteei familia-nekazaritza bizitza-proiektu gisa hurbiltzeko.
Martxoaren 17an Bizkaia Aretoan egindako jardunaldian parte hartu genuen. Topaketa hori euskal gazteak Familia Nekazaritzaz inspiratu eta sentsibilizatzeko sortu zen, lanbidean garatzeko eta bizitzeko aukera izan dezaten. Sektorearekin aldez aurretik loturarik ez duten gazteei zuzenduta egon zen jardunaldia, eta erakunde hauen babesa izan zuen: Laboral Kutxa, Cándido Iturriaga Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Familia Nekazaritzako Euskadiko Eskualde Batzordea (CRAF, gaztelaniazko sigletan) eta Munduko Landagunea.
Familia Nekazaritza, munduan zein Euskadin, elikagaien ekoizpen-eredu nagusia da. Hala, funtsezko euskarria da ingurumen-jasangarritasunerako, gizarte-kohesiorako eta kultura-identitatearen babeserako. Jardunaldira bertaratu ziren 50 gazte inguruk errealitate hori ikuspegi praktiko, positibo eta hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten, benetakoak eta erreferentzia diren esperientzien bidez, ikaskuntza partekatuaren bidez eta lurraldearekiko zuzeneko harremanaren bidez. Familia Nekazaritza bizitza-proiektu bideragarria, jasangarria eta etorkizunekoa izan daitekeela jakin izan zuten, baita enplegua sortzeko, ekintzailetza bultzatzeko eta sustraitzea indartzeko gai dela ere.
Eredu horrek eskaintzen dituen aukerak ezagutarazteko eta nekazaritzako elikagaien sektorean ekintzailetzarekiko interesa pizteko, eduki-sorta joria jorratu zuen jardunaldiak.
Erakunde antolatzaileek jardunaldiari hasiera eman ondoren, programa hiru mahaitan egituratu zen. Lehenengoan, nazioartekoan, El Salvadorren, Dominikan eta Filipinetan Familia Nekazaritzaren aldeko apustua egin duten gazteak bildu ziren. Bigarren mahaian, bertoko ekintzailetza esperientziak aurkeztu ziren: Errigoiti, Maruri, Zumaia eta Gatikakoak. Azkenik, hirugarren mahaian, Administrazioaren ordezkariak izan ziren, eta horiek Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean ekintzailetza sustatzeko eskuragarri dauden laguntzak azaldu zituzten, eta erakunde batek proiektu horiek aurrera ateratzeko behar diren finantza-gakoak eman zituen.

LURSAILeko kideok azken mahaian parte hartu genuen sektoreko ekintzaileei ematen diegun laguntza-zerbitzua azaltzeko. Laguntza hori proiektuak hasieratik monitorizatzean eta bizitzako lehen bost urteetan gidatzean datza. Denboraldi horretan, aholkularitza osoa eskaintzen diegu, egungo politikak eta tresnak ekimen bakoitzaren testuingurura egokituta, eta, batez ere, tutoretza lana eginda: erantzunak ematen dizkiegu eta, ahal den neurrian, haien behar administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak konpontzen laguntzen diegu, gure profesional espezializatuen eskutik.
Jardunaldiari amaiera bikaina emateko, bi emakume gaztek kudeatutako Gamizko barazki eta fruta-ustiategi ekologiko bat bisitatu zen. Duela sei urte hasi zuten proiektua, eta ederki erakutsi dute sektorean ekitea posible dela.Esku hartu zuten guztiek mezu argi bera izan zuten: landara hurbiltzeak benetako aukera dakar berekin. Klixe bukolikoetatik eta ikuspegi idealizatuetatik urrun, Familia Nekazaritzan ekiteak erronkak, ahalegina eta konpromisoa eskatzen ditu, eta sari handienetako bat ematen du: komunitatearentzat elikagai osasungarriak eta bikainak ekoiztea.
