NPBren Europako Sareak Vienan nekazaritza sektoreko aukera berriak aztertzeko antolatu zuen tailerrean parte hartu genuen
Apirilaren 22an eta 23an, NPBren Europako Sareak antolaturiko tailerrean parte hartu genuen. Vienan izan zen tailerra, eta hizpide izan zuen labore alternatiboei dagokien zeregina klima-aldaketaren ondoriozko erronkei aurre egiteko.
Europako nekazaritzako ekoizpen-baldintza berrietara egokitzeko beharrak markatutako testuinguruan egin zen jardunaldia. Agertoki horretan, labore ez-tradizionalek edo gutxiegi erabiltzen direnek aukera ematen dute nekazaritzaren dibertsifikazioa sustatzeko, merkatu berrietara sartzeko eta ustiategien egokitzapen gaitasuna hobetzeko. Hala ere, haiek ezartzeak muga garrantzitsuak ditu, hala nola eskura dauden aukerei buruzko ezagutza teknikorik eza, haziak eta berariazko makineria eskuratzeko aukera murriztua edo merkaturatzeko-moduaren finkatze urria. Horren harira, tailerra espazio baliagarria izan zen, ekoizpenera bideratua, eta hartan nekazaritzako elikagaien arloko eragile nagusiak bildu ziren aukera haiek aztertzeko.
Topaketan Europar Batasuneko 20 estatutako 77 parte-hartzaile elkartu ziren, besteak beste, nekazariak, ikertzaileak, aholkulariak, berrikuntza-bitartekariak, nekazaritza-elkarteen ordezkariak, nekazaritzako elikagaien enpresak eta EIP-AGRIko talde eragileekin loturiko erakundeak, «Horizonte Europa» programako proiektuak eta beste ekimen batzuk. Hainbat saiotan, 23 nekazarik aurkeztutako esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen, eta, horri esker, klima-testuinguru desberdinetan aplikatutako soluzio teknikoak aztertu ahal izan genituen, baita labore horiek merkaturatzeko ekimen berritzaileak ere.
Tailerrean, labore alternatiboek eta dibertsifikazioak nekazaritza-sistemen erresilientzia eta jasangarritasuna indartzeko funtsezko estrategia gisa duten zeregina azpimarratu zen. Hala, parte-hartzaileok Europako hainbat eskualdetan abiarazitako ekimenen adibideak jakinarazi genizkion elkarri, eta labore horiek zona mediterraneo, epel eta kontinentaletan ezartzearekin lotutako aukerei eta erronkei buruz eztabaidatu genuen. Jorratu ziren alderdi nagusietako batzuk hauek izan ziren: egokitzapen agronomikoa, laboreen kudeaketa eta lurralde bakoitzaren baldintza espezifikoetara egokitutako soluzioak garatzeko beharra.
Halaber, Austriako Landa Sarearekin lankidetzan, landa-bisitak antolatu ziren, labore alternatiboak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzen dituzten esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko. Izan ere, labore hauekin loturiko ekimenak aurkeztu ziren: kakahuetea landatzea, txitxirioa lehortearekiko erresistentea den alternatiba gisa, arroza uholderik gabe landatzea, bertako lupinuz eta sojaz egindako miso-saltsak egitea eta arrozaren azpiproduktuen balorizazio komertziala.
Guztion erronkak
Nekazaritza-ekoizpenari dagokionez, eskualde klimatikoetan aurkitutako guztion erronka nagusietako bat izan zen haziak, ezagutza teknikoa eta ekipamendu egokia eskuratzeko aukera. Era berean, ziurgabetasun klimatikoa faktore erabakigarritzat jo zen —bai lehorraldiengatik, bai eurialdien gorakadagatik—, baina hark labore-aukera berriak jorratzeko duen ahalmena ere nabarmendu zen.
Merkaturatzearen esparruan, kanal anitzak bultzatzen jarraitzeko beharra azpimarratu zen, hobi espezializatuetatik hasita, banaketa-kate handietara, aldi berean eskualdeko balio-kateak eta eragile anitzen arteko lankidetza indartuta. Halaber, nabarmendu zen garrantzitsuak direla eragile guztien prestakuntza, gaitasun teknikoak eta motibazioa balio-kate berriak sendotzeko, eta arriskuak banatzeko mekanismoak txertatu behar direla, ezarpenaren hasierako faseak errazteko. Lursailekook oso positibotzat jo dugu jarduera, eta arras interesgarria iruditu zaigu Europako hainbat lurraldetan garatutako ekimen interesgarriak ezagutu izana. Izan ere, jardunaldi hari esker, labore alternatiboekin loturiko aukera berriak ezagutzeko aukera izan genuen, eta esparru horretan elkarlanean lan egiten jarraituko dugu, lurraldearen beharretara egokitutako konponbideak bultzatzeko.