LURSAILek lehen sektorean duen eginkizuna indartu egin da ofizialki Euskadiko Nekazaritza Ustiategiei Aholkularitza emateko Entitate aitortu egin delako, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez, otsailaren 10eko 14/2026 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez arautzen baitira nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko entitateak, eta horien aitortza eta erregistroa.
Aitorpen horrek egiaztatu du erakundeak Euskadiko araudiak ezarritako baldintza berriak betetzen dituela. Araudi hori Nekazaritza Politika Erkide berriaren esparruan nekazaritzako aholkularitza-sistema berriz zehaztu duen 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren eskakizunetara egokitu da.
Dekretu berriak aholkularitza-zerbitzuen hedadura zabaltzen du, eta, hala, berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin, ingurumen-eskakizun berrietara egokitzearekin eta nekazaritza-ustiategien etengabeko hobekuntzarekin loturiko ezagutza-eremu berriak txertatu ditu. Era berean, aholkularitza-erakundeentzako baldintza gehiago ezarri ditu, besteak beste, Aholkularitza Plan Orokor bat egitea zein etengabe eguneratzea eta ustiategien benetako beharretara egokitutako zerbitzu osoa ematea.
Euskadiko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiei laguntza osoa ematean oinarritutako lan-eredua bermatzen du aitorpenak. Eredu horrek aholkularitza teknikoa, ekonomikoa eta kudeaketakoa bateratzen ditu, proiektu bakoitzari bere helburu eta beharren arabera erabakirik onenak hartzen laguntzeko. Eredu hori hainbat urtez garatu dute gaur egun LURSAIL osatzen duten talde profesionalek, eta, orain, guztien proiektu gisa finkatu da.
LURSAILeko talde profesionalak ustiategiei garatzeko prozesua zehazten duten eremu nagusietan laguntzen die, hala nola kudeaketa administratibo, ekonomiko eta fiskalean edo laguntzak izapidetzen eta landare- eta animalia-ekoizpenean espezializatutako aholkularitzan. Nekazaritzan, laguntza horrek hainbat arlo hartzen ditu barne, esaterako laboreen plangintza, izurriteen kontrola, frutagintza, mahastizaintza edo nekazaritza ekologikoa; abeltzaintzan, animalien elikadura, ugalketa, bazka ekoizpena edo osasuna. Ikuspegi oso horrek aukera ematen du ustiategi bakoitzaren errealitatera eta sektoreak dituen erronketara egokitutako aholkularitza emateko.
Aitorpen ofiziala gertaera gogoangarria izan da LURSAILentzat. Aurrerapauso itzela, aurten hasitako proiektuan, hori osatzen duten taldeek egindako ibilbidea eta metatutako ezagutza baliozkotu baititu, baita haren goi-mailako aholkularitza emateko gaitasuna ere. Egiaztapen horrekin, hortaz, LURSAIL eragile aktibo gisa finkatu da Euskadiko lehen sektorearen etorkizuneko bilakaeran.
