Ustiategi berriek sektorearen belaunaldien arteko erreleboa sustatuko dute, eta esnez, haragiz, eztiz, gaztaz, frutaz, barazkiz hornituko dute, baita tez eta uretako landarez ere, hurbileko merkaturatze-kanalen bidez.
Euskadiko lehen sektoreak ekintzaileak hartzen jarraitzen du, eta horien ekimenen eskutik, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerek aurrera diraute. Aurten, 29 proiektu berrik ekin diote Euskadin kokatzeko prozesuari eta bizigarria dakarkiote sektoreari landako ekoizpen-sarea eta hurbileko elikagaien ekoizpena indartzeko.
HAZI Fundazioak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek koordinatutako nekazaritzako gazteen ekintzailetzari laguntzeko Gaztenek programan kokatzen da proiektu berrien garapena. Haiek garatzeko prozesuan funtsezko zeregina du LURSAILek; izan ere, erakunde hori arduratzen da nekazaritza edo abeltzaintzako jarduera bati ekitea erabakitzen dutenei kontu teknikoetan eta enpresarialetan laguntzeaz, proiektua zehazteko lehen faseetatik hasi eta jardueraren lehen urteetan finkatu arte. Eta, duela gutxi, kooperatibak zeregin hori indartu egin du, Euskadiko Nekazaritza Aholkularitzako Erakunde aitortu baita
Jarraitutasuna, ekimen berriak eta dibertsifikazioa uztartzen ditu ekintzailetzak
Aurten Euskadiko lehen sektorean sartuko diren 29 proiektuen ekintzailetzak ezaugarri hauek uztartzen ditu: familia-ustiategien belaunaldien arteko erreleboa, ekimen berriak sortu izana eta ekoizteko eta merkaturatzeko modu berriak.
19 eta 43 urte artekoak dira ekintzaile gehienak, eta horien batez besteko adina 31 urtekoa da. Lau ustiategitatik hiru gizonek bultzatzen dituzte (22, % 75,9k), eta lautatik bat baino ez emakumeek (7, % 24,1ek). Ekintzaileen profilak ezberdinak dira: batzuk familia-negozioetatik datoz eta beste batzuk lehen aldiz sartu dira sektorean.
Jardueraren jarraitutasuna da sektorean sartzeko bide nagusia. Hala, 18 proiektu (% 62,1) negozio-lerro berriak garatu dituzten eta lehendik dauden ustiategietan erreleboa hartu duten pertsonei dagozkie, eta 11k ( % 37,9) ustiategi berriak bultzatu dituzte.
Abeltzaintza da jarduera nagusia, 17 proiektu baitaude (% 58,6), eta nekazaritzakoak 12 dira (% 41,4). Nekazaritzan baratze-ekoizpena nabarmentzen da, nekazaritzako ustiategien erdia baita, frutagintzan, mahastizaintzan eta laborantza estentsiboan diharduten eta ekoizpen berriak (tea edo uretako landare autoktonoak, adibidez) lantzen dituzten ekimenekin batera, jarduera-aukera ugaritzen baitute eta sektorea gero eta dibertsifikatuagoa dela erakusten baitute.
Abeltzaintzari dagokionez, haragitarako behien ustiategiak nabarmentzen dira; izan ere, abeltzaintzako proiektuen ia erdietan daude. Esnetarako behien, esnetarako ardien, hegazti erruleen eta erlezaintzaren ekimenak ere badaude, eta horietako batzuk gaztagintzarekin edo zaldi-hazkuntzarekin osatzen dira.
Oro har, ustiategi berri horiek Euskadin ekoitzitako elikagai ugariz hornituko dituzte herritarrak, hala nola esnez, haragiz, arrautzez, frutaz, barazkiz, mahatsez, ardoz, eztiz, gaztaz, tez eta nekazaritzako beste produktu batzuez, nekazaritzako elikagaien ekoizpena indartzeko.
Proiektu berrien artean finkatzen ari den beste joeretako bat da zirkuitu laburretan merkaturatzearen alde egiten ari dela. Ekimen gehienek produktuak kontsumitzaileari zuzenean hurbiltzea lehenesten dute; hala, zuzenean saltzen dituzte ekoitzitakoak herrietako azoketan, saltoki espezializatuetan edo nekazaritzako elikagaien kooperatiben bidez. Eredu horrek lehen sektorearen eta lurraldearen arteko lotura indartzen du, eta ustiategientzat balio erantsi handiagoa sortzea ahalbidetzen du.
Lurralde-banaketak, halaber, EAEko nekazaritza-ekintzailetzaren aniztasuna erakusten du. 12 proiektu Bizkaian garatuko dira; 9, Gipuzkoan eta 8, Araban, eta bakoitzak ezaugarri propioak izango ditu, bai ekintzaileen profilari dagokionez, bai ekoizpen-jarduerei eta ustiatzeko ereduei dagokienez.
Bizkaian biltzen dira proiektu berri gehienak, eta produkzioa dibertsifikatzeagatik, nekazaritza ekologikoaren garrantziagatik eta hurbileko merkaturatzearen aldeko apustuagatik nabarmentzen da lurraldea.
Bestetik, Gipuzkoak hiru lurraldeetako banaketarik orekatuena du, bai ekintzaileen profilari dagokionez, bai ustiategi- eta jarduera-motei dagokienez.
Azkenik, Araban Euskadiko ekintzailetza-profil gazteena biltzen da, eta belaunaldi-erreleboak eta abeltzaintzako jarduerek dute protagonismorik handiena lurraldean.
LURSAILen laguntza osoa lehenengo bost urteetan zehar
Proiektu horietako bakoitzaren atzean prozesu konplexu bat dago, jardueraren hasieratik askoz harago doana. Lehen sektorean sartzeak berekin dakar negozio eredu bideragarri bat zehaztea, finantzaketa eta laguntza publikoak eskuratzea, inbertsioak planifikatzea, indarrean dagoen araudia betetzea eta ustiategiaren etorkizuna baldintzatuko duten erabaki teknikoak eta ekonomikoak hartzea.
Ibilbide horretan, LURSAILek ekintzaileei laguntzen die lehen unetik bertatik eta jardueraren lehen bost urteetan zehar. Proiektu bakoitzaren beharretara eta ekintzaile bakoitzaren egoerara egokitutako aholkularitza osoa jartzen die eskura.
LURSAILeko taldea diziplina anitzekoa da, eta, besteak beste, albaitaritzan, nekazaritzako ingeniaritzan, nekazaritzako ingeniaritza teknikoan eta enpresa-kudeaketan espezializatutako profesionalek osatzen dute. Horri esker, ustiategi bakoitzaren ikuspegi orokorra eman daiteke.
Profesional horien zeregina da enpresa-plana egitea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzea, laguntzak izapidetzea, Gaztenek programaren baldintzak betetzea, proiektuen azken ziurtapena eta etengabeko laguntza ematea jardueraren lehen urteetan.
Erakundeak egoitzak eta taldeak dituen hiru lurralde historikoetan ematen den gertuko jarraipen horrek aukera ematen du aholkularitza proiektu bakoitzaren errealitatera egokitzeko eta negozioa garatzeko prozesu osoan sortzen diren erronkei erantzun arinak emateko.
LURSAILek ematen duen laguntza-zerbitzua indartu egin da, oraindik orain, Euskadiko Nekazaritza Ustiategiei Aholkularitza emateko Entitate aitortu egin delako.