Gero eta konponbide teknologiko gehiago daude merkatuan, baina erronka nagusia da ustiategi txikiek eskuragarri izan ditzaten.

Aspalditik, teknologiak etengabe ari dira nekazaritzan aplikatzen. Mendearen lehen laurdena igarota, zalantzarik gabe esan dezakegu doitasunezko nekazaritza ekoizpen-eredu tradizionalagoen lekua hartzen ari dela. Azken hamarkadan, sentsorikak garapen handia izan du, eta, horri esker, gure arloan ezin konta ahala datu hartu ahal izan ditugu; aldi berean, komunikazioetan aurrerapen itzela gertatu da. Hori guztia dela eta, nekazaritza-paradigma berri bati ateak ireki zaizkio, non finka txikiek ere laboreen kudeaketa modu askoz jasangarriagoan eta zehatzagoan egin dezaketen.
Ur-kontsumoa murriztea
Teknologiarekin loturiko aurrerapen handienetako bat ureztapenaren kudeaketan gertatu da. Nekazaritza-ustiategi modernizatuetan, ureztapenen kudeaketa sentsore adimendunetan oinarritzen da, uraren erabilera optimizatzeko. Lurreko hezetasun-sentsoreek aukera ematen dute zehaztasunez jakiteko zenbat ur dagoen erabilgarri, alferrikako ureztatzerik egon ez dadin. Teknologia horrek uraren kontsumoa % 30eraino murriztea lortu du. Gainera, denbora errealean datu meteorologikoekin integratzen direnez, ureztapen-sistemak automatikoki doitzen dira euria aprobetxatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko. Hala ere, ura aurreztea ez da abantaila bakarra; izan ere, euria ugari den lekuetan, gure lurraldean kasu, sentsore horiek oso eraginkorrak izan daitezke lurraren hezetasun-mailak monitorizatzeko eta, ondorioz, sailen osasun-kudeaketa hobetzen lagunduko diguten erabakiak hartzen laguntzeko, esate baterako, drainatzeak egitea egokia den ala ez.
Izurriteak eta gaixotasunak
Aurrez aipatutakoak ez ezik, beste sentsore batzuk ere badaude, frutagintzan aplikatu ohi direnak: hostoen hezetze-sentsoreek, inguruneko hezetasuneko eta tenperaturako estazio meteorologikoek emandako balioekin konbinatuta, izurriteak eta gaixotasunak garaiz detektatzeko aukera ematen dute, datu horiek adimen artifizialeko ereduekin konbinatzen baitira. Horrela, nekazariek arriskuak aurreikus ditzakete eta beharrezkoa denean bakarrik aplikatu ditzakete tratamenduak, eta, ondorioz, fitosanitarioak gutxiago erabiltzen dira eta gaixotasunak hobeto kontrolatzen dira, bereziki onddoak izan ditzaketen laboreetan, zeinetan hezetasunaren eta aireztapenaren kudeaketa funtsezkoa den.
Zuhaitzen egoera fisiologikoaren kontrola
Duela gutxi, zuhaitzen egoera fisiologikoa monitorizatzeko gai den sentsore bat aurkeztu da merkatuan. Gailu biobateragarria da, zurtoinean txertatzen da, gazitasuna eta izerdiaren fluxua neurtzeko, eta landarearen “elektrokardiograma” gisa funtzionatzen du. Datuak adimen artifizialdun plataforma batera bidaltzen dira, hodeian azter daitezen. Horri esker, estres hidrikoa goiz detekta daiteke, patogenoen erasoei aurrea har dakieke eta tratamenduen eraginkortasuna ebaluatu daiteke, ureztapenaren kudeaketa eta laborearen osasuna hobetuz.
Hitz batez, gero eta konponbide teknologiko gehiago daude merkatuan, fruta-sailak kudeatzeko eta maneiatzeko balio dezaketenak. Hala ere, sektorean aurre egin behar diogun erronka nagusia da horrelako teknologiak jende ororentzat eskuragarriago egoteko modua aurkitzea, ustiategi txikientzat ere, hots, etekin txikiak dituztenentzat, inbertsio teknologiko horiek bidezkoak izan daitezen.