Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek nekazaritzaren sektorerako Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integrala aktibatu dute, eta 25 milioi eurotik gora izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek nekazaritzaren sektorerako Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integrala aktibatu dute. 25 milioi eurotik gora izango ditu eta bertoko ustiategien jarraitutasuna bermatzea du xede estrategiak.
2025-2028 aldirako jardukera-planak lehen sektorean, eskualde mailan, Estatu mailan eta Europa mailan, belaunaldien arteko erreleborik ezak duen egungo erronkari aurre egin nahi dio, Euskadiko berezitasun guztiak kontuan hartuta eta gabeziak nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasunean, landa-garapenean eta lurralde-orekan duen eragin larria kontuan hartuta.
Arazo hori adin-taldeen araberako ustiategien banaketari buruzko 2020ko Nekazaritza Erroldaren datuetan zehaztu da Euskadin. Izan ere, datu horietatik ondorioztatu da nekazaritza-ustiategietako titularren % 30,6k 65 urte baino gehiago dituela eta % 10ek baino ez duela 40 urte baino gutxiago. Errealitate hori 2009koaren oso antzekoa da, eta erakusten du zahartzeak proiektu askoren etorkizuna arriskuan jartzen duela.
Testuinguru horretan, Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integralak berretsi egin du lehen sektoreak landa-jasangarritasunean, paisaian eta kulturan duen funtsezko zeregina, eta hiru lurraldeetako ikasbideak bilduko dituen bidea markatu nahi du, nekazaritza-sektore dinamikoa, berritzailea, inklusiboa eta erresilientea sendotzeko.
Planaren gobernantza-eredua Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek partekatzen dute. Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzak lideratu eta koordinatzen du, HAZI Fundazioaren idazkaritza teknikoarekin batera.
Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integralaren helburuak
Estrategia zortzi esku-hartze arloren eta 22 jardueraren inguruan antolatzen da, helburu hauek lortzeko:
- Urtean 125 gazte sartzea sektorean; datozen 10 urteetan, 1.250 gazte.
- Belaunaldi erreleboa behar duten nekazaritza-ustiategien % 85ek gazteak sartu behar ditu.
- Nekazaritza-ustiategietako titularren batez besteko adina urtez urte pixkanaka murriztea.
- Titular gazte berriek kudeatuko dituzten hektareak (Nekazaritzako Azalera Erabilgarria) urtez urte pixkanaka handitzea.
Jarduketa-ildoak
1.Arauak egokitzea. Indarrean dagoen legeria berrikusi eta egokitzea:
a. 8/2014 Dekretua, Nekazari Gazteen Estatutuarena, aldatzea.
b. EBko Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak kobratzeko nekazari aktiboaren kontzeptua aldatzea.
c. Nekazaritzako testak egiteko eta erreleboa sustatzeko laguntzak arautzen dituen araua.
2. Euskadiko nekazaritza-sektorearen balioa handitzea: sektorearen aintzatespen soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa areagotzeko, sentsibilizazio-kanpainak egingo dira herritarrentzat eta gazteentzat, eta sektoreak gizarteari ematen dizkion zerbitzuen ebaluazio ekonomikoa.
3. Gazteak sektorera hurbiltzea: Interesa eta hurbilketa aktiboa sustatzeko, nekazaritzako test gune iragankorrak bultzatzea aurreikusi da, hala nola praktiken egonaldiak eta nekazaritzako Erasmus. Ordezkapen-zerbitzuak eta sektorerako eskulan-enpresak ere bai, bizi-kalitatea hobetzeko eta gazteak sar daitezen ahalbidetzeko modu gisa.
4. Errelebo beharra duten nekazaritza-ustiategietan sartzea: Erreleborik gabeko ustiategi bideragarrien trantsizioa errazteko neurrietako bat da Ustiategien Bitartekaritza Bulegoak sortzea foru-aldundi bakoitzean, horietan belaunaldi-erreleborik gabeko ustiategiak eta lanean hasteko interesa duten gazteak elkartu daitezen.
5. Gazteak instala daitezen erraztea: Nekazari berrientzako hasierako faseak sinplifikatze eta egituratze aldera, hainbat neurri proposatu da, esate baterako, belaunaldi-erreleboa sustatzeko laguntzak, ustiategiaren kudeaketa kontratu bidez instalatzen diren gazteei lagatzen dieten titularrei ematen zaizkienak. Halaber, lagatzaileentzako bi laguntza-lerro: bata ustiategiak gazteei lagatzen dizkieten ustiategien titularrentzat, eta bestea belaunaldi-erreleborik gabeko nekazaritza-ustiategi bideragarriak sustatzeko.
6. Instalatuko diren gazteentzako finantzaketa: Gazte horientzat finantza-baliabide egokiak bermatzeko, finantza-tresna propio bat jarri da abian, Sendotu izenekoa, lehen urteetan instalatzen diren gazteentzako maileguak finantza-erakundeetan abalatzeko.
7. Prestakuntza eta aholkularitza: Gaitasun teknikoak eta enpresarialak hobetzeko asmoz, lantalde bat eratu da Hezkuntza Sailarekin, lehen sektorearekin lotutako ikasketa-planak berrikusi eta ezartzeko. Prestakuntza bultzatuko da nekazaritza-eskolen bidez, bai eta digitalizazioan, Agritech-en eta Berrikuntzan ere.
8. Bizi-kalitatea: Landa-inguruneko pertsonen ongizatea eta jasangarritasuna sustatzeko, nekazaritza-jarduera erraztuko duten zerbitzuak eta ekipamenduak sustatu eta hobetuko dira: Interneterako sarbidea, etxebizitza eskuratzea, aisialdiko eta kulturako ekipamenduak, ordezkapen-zerbitzuak eta eskulan-zerbitzuak, besteak beste.
Belaunaldi-erreleboaren beharrak
Estrategian, beharren diagnostikoa egiten da eta jarduera-eremua ezartzen da, ustiategien dimentsio ekonomikoa eta belaunaldi-erreleboari dagokionez duten egoera kontuan hartuta, 2020ko Nekazaritza Erroldaren datuen arabera.
Maila ekonomikoan, 25.000 €-tik gorako ekoizpen estandarra duten ustiategiak (ekoizpen-ahalmenaren balorazio teorikoa) bideratu dira. Adinari dagokionez, laster erretiroa hartuko duten titularrak (56-61 urte artekoak) dituzten ustiategiek eta erretiratuta daudenak (61 urtetik gorakoak) dituztenek behar dituzte premiazko neurriak, eta 1.482 ustiategi dira: 814 Araban, 378 Gipuzkoan eta 290 Bizkaian. Horietatik, ia erdiak dio ez du ondorengorik. Zailtasun handienak ardi-aziendako ustiategietan ikusten dira; ondoren, laborantza estentsiboan eta mahastizaintzan dihardutenetan. Gainera, jardunean dauden gainerako ustiategien artean, 76 ustiategik ez dute jarraitzeko asmorik, hainbat arrazoi dela eta, nahiz eta titularrak erretirotik urrun egon; eta horietatik 59 ez dute erreleborik.
Hitz batean, Euskadin 750 ustiategi inguru daude errelebo identifikaturik gabe, eta beste 700, erreleboa izan baitezakete ere, GAZTENEK programan sar litezke edo ustiategi berri bat sor lezakete; hau da, planaren helburu diren 1.500 ustiategi.
Bestalde, Gaztenek programaren bidez batez beste 55 pertsona sartzen dira sektorean, eta batezbesteko hori sendotu egin da.
Sektorearen egoeraz eta beharreaz jabetuta, geuk bizi izaten ditugunez, LORRAkoontzat estrategia berria aukera paregabea da landa-ingurunea biziberritzeko eta nekazaritza-munduarekin loturiko ekoizpen-ehuna indartzeko. Hazi behar-beharrezkoa da, sektoraren geroa bermatzeko.
