Ongarri aldizkariaren edizio berriak, oraintsu kaleratuak (url), agerkari horren bultzada ekarri du berekin, eta gertaera gogoangarria da Lursailentzat.

Dagoeneko finkatuta dagoen aldizkari horren 51. edizioa da, LURSAIL Nekazaritza Zerbitzuak Koop. erakundeak argitaratu duen lehena. Lorra, Abere eta Abelur erakundeek bat egitean sortu da Lursail, eta guztiz eraginkor dago aurtendik.
Hala bada, eremua eta garrantzia zabaldu ditu aldizkariak, eta, aldi berean, guztien proiektu berriarekin zuzenean lotu da. Etapa berri honi ekiteko, Ongarrik diseinua eta egitura berritu ditu: bai azala eta goiburua -Lursailen logotipoa agertzen da bietan-, bai barruko orrialdeak. Baina betiko izaerari eta edukiari eutsita, eta sektorearen gaurkotasunerako eta elkarte-mugimenduaren jarduerarako leihoa izateko helburuari helduta. Era berean, bat egin du LURSAIL ere gidatzen duten Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzeko asmoekin.
Ongarri aldizkariaren bilakaera LURSAILek irudikatzen duen eraldaketa eta indartze prozesuaren isla da. Agerkaria, beraz, funtsezko tresna bihurtu da garai berri honetan lagundu eta zabaltzeko, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen informazio, hausnarketa eta loturarako baliabidea izan dadin.
Kalitate goreneko aholkularitza-zentroa
Helburu horiek eta beste asko lortzeko, LURSAILek baditu oinarririk onenak: sektoreko erakunde eta eragile gehienen babesa, jarraitu beharreko norabideari buruzko hausnarketa- eta batasun-prozesua eta Europan dauden kudeaketa-jardunbide egokienen eta aholkularitza-egitura onenen azterketa biribila, Estatu zein eskualde mailan. Euskarri horiek, erakundea sortzeko prozesuak iraun duen epean -lau urte baino gehiago- eraiki direnek, ahalbidetu dute XXI. mendean Euskadiko lehen sektorearen profesionalizazioan eta garapenean erreferentzia eta funtsezko pieza izan nahi duen kalitate goreneko zentroa abian jarri izana.
LURSAILek berak baditu erakunde kudeatzaile partaideen ezaugarri ziren hurbiltasuna eta lurraldetasuna, eta barruan darama hurbiltasuneko aholkularitza pertsonalizatuaren funtsa. Proiektuak bildu duen kudeatzailetza berriarekin batera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako egiturak eta koordinatzaileak ere badaude, baita Lezamako (Bizkaia), Azpeitiako (Gipuzkoa) eta Arkautiko (Araba) hiru egoitzak ere (eta Arkautin Lursailen egoitza soziala dago).
Halaber, erakundea indartu egin da maila guztietan: orain zerbitzu-zorro askoz ugariagoa eskaintzen du, ustiategi eta elkarte gehiagori arreta emateko gaitasun tekniko handiagoa du, erakundeei zerbitzu hobea ematen die, eta taldeari baldintza eta ordainsari hobeak emateko gaitasuna du, eta hortaz, talentua erakartzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera ederra sortu da.
Lehenengo ekintzak
Horrekin guztiarekin, mugarri hau lortu nahi da: aholkularitza-erakunde ofizialtzat har dadin, prestatzen ari den dekretu berriaren arabera, eta Euskal Herriko lau Administrazioek beren aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko aurreikusitako lizitaziora aurkeztea.
Erakundea sendotzeko testuinguru horretan, LURSALen lehen ekintza logotipo berri bat diseinatzea izan da. Plantillako 90 pertsonei irekitako deialdi baten bidez egin da; 24 proposamen aurkeztu dira, eta bozketa bidez erakundearen logotipo ofiziala aukeratu da.
Ongarri eta LURSAILen komunikazio-kanalak (webgunea, WhatsAppeko informazio-kanala, buletinak eta sare sozialak) modernizatu izana da erakundearen beste ekintza garrantzitsuetako bat; izan ere, etapa berri batera bultzatu ditu kanalak, Euskadiko lehen sektorerako erreferentziazkoak izan daitezen.