Abere, Abelur eta Lorra erakundeek bat egin dute Euskadin erreferentzia izango den aholkularitza-zentroa eratzeko
Kooperatiba berria sortu da: LURSAIL, zeina 2026an egongo den martxan eta EAEko lehen sektoreko erakunde eta eragile gehienen laguntzarekin abiaraziko den

Ekainaren 30ean, ABERE eta LORRA kooperatiben batzarrek, ABELUR kooperatibarekin batera, bat egitea erabaki zuten, Euskadiko nekazaritza-ustiategi guztien erreferentziazko nekazaritza-aholkularitzako zentro bakarra sortzeko.
Hiru kooperatibetako kudeatzaileak ─Martín Uriarte (Lorra); Jesús María Lete (Abelur) eta Natividad Urarte (Abere)─ eta presidenteak ─Juan Luis Irazola (Lorra), Imanol Arrieta (Abelur) eta Juan Félix Zurimendi (Abere)─ pozik agertu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko lau nekazaritza-administrazioen bultzadarekin 2021ean hasitako prozesu luze baten ondoren hartutako konpromisoagatik.
Guztiek esker ona adierazi diote KONFEKOOPek eta B+I aholkularitzak prozesuari laguntzeko emandako laguntzari, bai eta sektoreko erakunde eta eragile gehienek emandako babes handiari ere.
Prozesua amaitutzat jo da, eta horren sustatzaileen hitzetan, “konplexua eta luzea izan da prozesua, lau urte baino gehiago iraun du, hainbat eredu kooperatibo eta antolakuntza- eta kudeaketa-rol bateratzeak zekartzan ondorioengatik. Aholkularitza-enpresarekin 60 bilera baino gehiago izan dira, 700 helbide elektroniko baino gehiago bidali dira eta hamaika dei eta batzar izan dira. Autonomia-erkidegoen aholkularitza-sistema guztiak aztertu dira, bai eta Europar Batasuneko hainbat estatu eta herrialdetan dauden egiturak ere; emandako zerbitzu onenak eta kudeaketa-jardunbide egokienak aztertu dira, zentro berriaren bideragarritasunari buruzko azterketa ekonomikoak egin dira, eta, azken batean, XXI. mendeko Euskadiko lehen sektorearen profesionalizazioan eta garapenean erreferente eta funtsezko pieza izan nahi duen kalitate goreneko zentro bat abian jartzeko oinarriak jarri dira”.
Egitura berria
Lehenengo urratsak hauek izan dira: kudeatzaile bat kontratatu da, Asier Usandizaga, zeina urriaren erdialdetik lanean ari den; arloak, zerbitzuak eta plantilla egituratzen hasi da, kooperatiben erregistroan izena eman eta erregistroa formalizatu ondoren, eta estatutuak etagobernantza garatzen hasi dira. Egoitza ofiziala Arkautin jartzea erabaki da; hala ere, Azpeitiko eta Lezamako egoitzak mantenduko dira, eta 2026ko urtarrilean erabateko eraginkortasuna lortzeko beharrezko gainerako jarduerak egiten ari dira.
Horrekin guztiarekin, aholkularitza-erakunde ofizialtzat har dadila lortu nahi da, egiten ari den dekretu berriaren arabera, eta EAEko lau administrazioek bertan aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko aurreikusitako lizitaziorako aukera izatea.
Hiru kooperatibek zentro berriaren indarguneak azpimarratu dituzte: “Sinetsita gaude prozesutik aterako den zentro berria etorkizuneko erreferentzia izango dela sektorearentzat, bereizgarri ditugun hurbiltasuna eta lurraldetasuna galdu gabe, baina aholkularitza-zerbitzuen zorro askoz zabalagoarekin, gaitasun tekniko indartuarekin, tarifen homogeneizazioarekin, ustiategi eta elkarte gehiagori arreta emateko gaitasunarekin, erakundeei zerbitzu hobea emateko ahalmenarekin eta gure langileentzat lan-baldintza eta -ordainsari hobeekin, eta horrek teknikari onak erakartzea eta zerbitzu-kalitatean haztea ahalbidetuko digu”.
Lehen ekintza gisa logotipo berri bat diseinatu da, Lursaileko 90 langileen artean lehiaketa bat antolatu ondoren. 24 proposamen aurkeztu dira hartara, eta, bozketaren ondorioz, LURSAIL NEKAZARITZA ZERBITZUAK Koop.S. sozietatearen logo berria erabaki da:
