NPBk Europar Batasunean Abeltzaintza Sistema Jasangarri eta Lehiakorrei laguntzeko duen eginkizunari buruzko Talde Tematikoaren lehen bileran parte hartu dugu

Duela egun batzuk, Abeltzaintza Sistema Jasangarri eta Lehiakorrei laguntzeko NPBk duen zereginari buruzko Talde Tematikoaren jarduera hasi zen Bruselan. LURSAILek talde horretan parte hartzen du. Europar Batasuneko NPBren Sareak bultzatutako lantalde espezializatua da, Europako Batzordeak nekazaritzari eta landa-ingurunearen politikei buruzko ezagutzak eta informazioa ezagutarazteko sortutako foroa, alegia.
Europar Batasuneko estatuek aurkeztutako eskaeren artean, LURSAIL hautatu zen talde horretan parte hartzeko. Talde horrek NPBren Plan Estrategikoen erabilera nola hobetu aztertuko du, abeltzaintza-sistema jasangarriago eta lehiakorragoetarako trantsizioa bultzatzeko, eskualdeko testuinguruen aniztasuna kontuan hartuta.
Lehenengo bileran abeltzaintza-sektoreko hainbat arlotan (hala nola ikerketa, aholkularitza, ustiapena eta administrazioa) adituak diren berrogei laguneko taldea bildu zen. Topaketan, hainbat herrialdetan hartutako NPBren jardunbide egokien eta ikuspegien adibideak ezagutarazi ziren eta emaitza onak lortzen lagundu duten faktoreak eta oraindik gainditu behar diren oztopoak identifikatu ziren.
Era berean, guztien intereseko gai batzuk zehaztu ziren, eztabaidan sakontzeko: besteak beste, produktuen prezioa balorizatzea, horiek bereizita; lankidetza zabaltzea, erabakiak hartzeko datuak eraginkortasunez erabili eta kudeatzea, eta “landa pizkunde” baten beharra, non abeltzaintza-sistema jasangarriek landa-komunitate oparoei lagunduko dieten.
Jardunaldia oso aberasgarria izan zen, eta aukera izan genuen LURSAILen lan-eredua aurkezteko, euskal abeltzaintza sektorearen errealitatea ezagutarazteko eta gure ustiategietan eragin positiboa izan dezaketen neurriak proposatzeko.
Abeltzaintzako ekoizpen-sistema jasangarriagoak
Abeltzaintza-sistemek funtsezko eginkizun ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa eta kulturala dute EBn. Haragia, esnekiak eta landa-inguruneko bizibideei eusten dieten beste produktu batzuk ekoizteaz gain, ingurumen- eta kultura-zerbitzuak ematen dituzte: balio natural handiko habitatak mantentzen dituzte, biomasa kudeatzen laguntzen dute, lurzoruan karbonoa biltegiratzen dute, elikagaiak birziklatzen dituzte eta landa-inguruneko eta mendiko paisaiak moldatzen dituzte.
Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da abeltzaintzako ekoizpen-sistema iraunkorragoetarantz aurrera egitea, haien aniztasuna eta dakartzaten onurak kontuan hartuta. Helburu horrekin, Europako Batzordeak abeltzaintzari buruzko lantalde espezifiko hori sortu du.
Jasangarritasunak isuriak gutxitzea, mantenugaien kudeaketa hobetzea eta sistema estentsiboen bideragarritasun ekonomikoa indartzea dakartza, lur baliotsuak bertan behera utz ez daitezen. Hala, talde hark aztertuko du nola NPBren egungo tresnak –esaterako, azaleraren araberako ordainketak, ekoeskemak, inbertsioak, lankidetza, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia– hobeto balia daitezkeen ingurumen- eta klima-jasangarritasuna maximizatzeko, biodibertsitatea eta paisaiak babesteko eta ustiategien erresilientzia ekonomikoa eta soziala indartzeko.
Hainbat eskualdetako eta balio-kateren esperientzietatik ikastea da xedea, Europako abeltzaintza sektore lehiakorra, jasangarria eta bidezkoa izan dadin.
Helburu hori izanda egin zen, hortaz, taldearen lehen bilera, eta bigarrena apirilaren 15ean egitea aurreikusi da. Bilera horretan, Europan abeltzaintza jasangarria indartuko duten esperientziak eta proposamenak ematen jarraituko dugu.