Lursailek bazkideak bildu zituen otsailaren 10ean, gaur egun baratze-ustiategi askoren kezka eta hizpide den gai batez aritzeko jardunaldi tekniko baten eskutik: nola hobetu errentagarritasuna eta ekoizpen-kontrola energiaren eta teknologiaren bidez.

Topaketa partaidetzazko giro hurkoan egin zen, eta aukera eman zuen benetako esperientziak partekatzeko eta ideia argi bat mahaigaineratzeko: nekazaritza-ustiategien lehiakortasunak energia, argiztapena eta ingurune produktiboa modu eraginkorrean kudeatzea behar du gero eta gehiago.
Egungo testuinguruan, zeinean kostuak etengabe gehitzen ari diren eta marjinetan exijentzia handi-handia dagoen, jardunaldiak irizpide baliagarria eskaini nahi izan zuen baserritarrek baratze-argiztapenean, autokontsumoan edo instalazioen kontrolean egin beharreko inbertsioei buruzko erabaki informatuak har ditzaten. Teoriaz ez ezik, benetako kasuez, funtzionatzen duten erabakiez eta teknifikazioari ikuspegi ekonomiko argi batekin ekiteko moduaz ere mintzatu zen.
Saioaren ardatzetako bat izan zen baratze-argiztapenak zuzeneko produkzio-tresna gisa duen zeregina. Horren haritik, Celer-eko arduradunek azaldu zuten argiaren erabilera egokiak aukera ematen duela laborantza-zikloak optimizatzeko, produktuaren kalitatea hobetzeko eta berotegi-ingurunearen gaineko kontrola izateko, betiere inbertsioa itzultzeko eta ustiategi bakoitzera egokitzeko ikuspegitik.
Estatuan jardunbide oparoa duen Hedera Helix ingeniaritza-sozietate eta integratzailearen ikuspegi praktikoa ere jaso zen jardunaldian. Izan ere, Euskadiko nekazaritza-ustiategietako instalazio teknikoak diseinatzen eta ezartzen izandako esperientziaz aritu zen. Aurretiazko plangintza on baten garrantzia, koordinazioa eta eguneroko jardunean modu fidagarrian funtzionatuko duten konponbide integratuen beharra jorratu ziren.
Alor tekniko eta zientifikotik, argiak baratze-ekoizpenean duen eraginari buruzko datuak eta ezagutza eman zituen NEIKERek, argiztapenaren, eraginkortasunaren eta ekoizpen-emaitzen arteko lotura irizpide objektiboekin indartuta. Ikuspegi horri esker, landa-esperientzia analisi teknikoarekin lotu ahal izan zen, eta bertaratutakoei ikuspegi osoa eskaini zitzaien.
Halaber, jardunaldian beste alderdi aipagarri batzuk jorratu ziren, hala nola energia-autokontsumoa, ustiategietako energiaren kudeaketa eta modernizazio-prozesu horietan laguntzeko erabilgarri dauden laguntza-lerroak ere. Hala, Lursailek eta Energiaren Euskal Erakundeak energia-efizientzian eta teknifikazioan inbertitzeko laguntza publikorako aukera nagusiak azaldu zituzten, eta proiektu haiei aurre egiteko eskuragarri dauden tresnen ikuspegi argia eman zieten bazkideei.
Eduki teknikoez aritzeko ez ezik, sektoreko eragileen arteko lankidetza indartzeko eta bazkideen, teknikarien eta baratzezaintzarekin loturiko enpresen arteko trukerako gune bat sortzeko ere balio izan zuen jardunaldiak. Haien guztien helburua baita sektorearen teknifikazioan aurrera egiten jarraitzea, hurbiltasunetik, ustiategi bakoitzaren errealitatera egokitutako konponbideak ematen eta prozesu osoan lagun egiten.
Topaldiak izan duen onarpenak berretsi egin du interes handia dagoela esparru horietan sakontzen jarraitzeko. Lursaileko arduradunek lanean buru-belarri jarraituko dute ekimen berriak bultzatzeko, bazkideek informazioa, laguntza teknikoa eta hobetzeko aukerak eskura ditzaten, beren proiektuen jasangarritasunari eta errentagarritasunari laguntzeko.
Baserriak modernizatzeko bidea elkarrekin, soinez soin, hobeto ibiltzen da, horretan esku hartzen duten eragile guztien arteko ezagutza, esperientzia eta lankidetza batuta.