Europako Talde Tematikoaren bigarren topaketan, esperientziak, bereizketa eta berrikuntza txertatuta, NPBaren tresnak konponbide zehatzetara nola eraman jorratu dugu.
NPBak abeltzaintza-sistema jasangarri eta lehiakorrei laguntzeko duen eginkizunari buruzko talde tematikoaren beste bilera batean izan gara oraintsu. Europar Batasuneko NPBaren Sareak bultzatutako lantaldeaz ari gara, zeinaren bidez abeltzaintza-eredu aurreratuagoak eraikitzen laguntzen dugun.

Bigarren jardunaldian ─apirilaren 15ean eta 16an Lisboan antolatua─, aurreko topaketetan egindako lanari jarraipena eman diogu, aldez aurretik identifikatutako jardunbide egokiak, erronkak eta konponbideak abiapuntu hartuta. Testuinguru horretan, Lursailekook buru-belarri parte hartu dugu ezagutza hori gomendio zehatz bihurtzeko eztabaidetan, arreta berezia jarrita NPBaren tresnen ezarpena lurralde-testuinguru desberdinetan nola hobetu jakiteko.
Topaketaren ardatz nagusietako bat izan da abeltzaintza-sistema jasangarrietarako trantsizioa errazteko beharrezkoak diren baldintzak identifikatzea, funtsezko alderdiak jorratuta, hala nola ingurune politikoa, laguntza-tresnak eskuratzeko aukera, ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia edo inplikatutako eragileen zeregina. Horren haritik, Europan dauden ekoizpen-ereduen aniztasunera egokitutako ikuspegiak taxutzeak duen garrantzia nabarmendu da.
Hala, lan-saioetan, ahalmen eraldatzailea duten NPBaren hainbat tresna aztertu ditugu, esaterako ekoeskemak, nekazaritza, ingurumen eta klima arloko esku-hartzeak edo lankidetza, berrikuntza eta ezagutza-trukea sustatzeko neurriak.
Era berean, topaketari esker, tokian tokiko esperientzia zehatzetan sakondu ahal izan da, eta hainbat gai jorratu dira, esate baterako abeltzaintza-sistemen ingurumen-jardunaren ebaluazioa, mantenugaien zirkulartasuna hobetzea edo balio erantsia sortuz merkatuan bereizteko estrategiak garatzea. Halaber, lankidetza publiko-pribatuko ekimenak eta kontsumitzaileari jasangarritasuna bultzatzeko funtsezko elementu gisa dagokion zeregina aztertu dira.
Beste elementu nabarmenetako bat saioetan egindako lankidetza izan da. Ikuspegi horrek ahalbidetu du elkarrekin aurrera egin dezagun Europako hainbat herrialdetara transferitu daitezkeen abeltzaintza-sistemak lehiakorragoak izan daitezen bideratutako ekintzak zehazten eta lehenesten.
Jardunaldia amaitzeko, Portugalen erreferentzia den Companhia das Lezírias ustiategia bisitatu zen. Izan ere, konpainia horri esker, eztabaida teknikoak sektorearen errealitate praktikoarekin egiaztatu ahal izan dira, eta ekoizpen-eredu berriak ezartzeari buruzko zuzeneko ikaskuntza atera.
Arras aberasgarria izan da topaldia, eta egungo ingurumen- eta gizarte-erronkekin bat datorren abeltzaintza lortzeko beste aurrerapauso bat da. Foro horretan geure hitza izatea erronka eta erantzukizuna da, eta gure gain hartzen ditugu hazten eta sektoreari balioa ematen jarraitzeko konpromisoarekin.