Martxoaren 17an, Laboral Kutxa, Cándido Iturriaga Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Familia Nekazaritzako Euskadiko Eskualde Batzordea (CRAF, gaztelaniazko sigletan) eta Munduko Landagunea erakundeen babespean, nekazaritzako elikagaien sektorearekin aldez aurretik loturarik ez zuten euskal gazteak Familia Nekazaritzaz inspiratu eta sentsibilizatzeko –hots, lanbidean garatzeko eta bizitzeko aukera izan dezaten– jardunaldi bat egin zen Bizkaia Aretoan.
Gazteek Familia Nekazaritzara modu praktiko, positibo eta hurbilean gerturatzeko inspirazio eta topaketa guneak behar dituzte. Horretarako, benetakoak eta erreferentzia diren esperientziak, ikaskuntza partekatua eta lurraldearekiko zuzeneko harremana aurkeztu behar zaizkie.
Familia Nekazaritza, munduan zein Euskadin, elikagaien ekoizpen-eredu nagusia da. Hala, eredu hori funtsezko euskarria da Ingurumen-jasangarritasunerako, Gizarte-kohesiorako eta Kultura-identitaterako. Jardunaldian, Belaunaldi Erreleboaren erronkari ekiteko, bertaratutako 50 gazte ingururi Familia Nekazaritza bizitza-proiektu bideragarria, jasangarria eta etorkizunekoa izan daitekeela jakinarazi zitzaien, baita enplegua sortzeko, ekintzailetza bultzatzeko eta sustraitzea indartzeko gai dela ere.

Jardunaldiaren eskutik, hortaz, antolatzaileak saiatu dira euskal gazteei JAKINARAZTEN nola izan daitekeen Nekazaritza aukera bideragarria, jasangarria eta inklusiboa, baita EUSKADIKO gazteak MOTIBATZEN ere, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean ekintzailetza-proiektuak azter eta has ditzaten, eta, horretarako, sektorean ekiteko eskura dauden laguntzak, aukerak eta baliabideak EZAGUTARAZI dizkiete.
Erakunde antolatzaile eta deitzaileetako ordezkariek eman zioten hasiera jardunaldiari: Belen Citole, MUNDUKO LANDAGUNEko zuzendaria; Alfredo Montoya, Familia Nekazaritzako Euskadiko Eskualde Batzordeko (CRAF) presidentea eta koordinatzailea, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea.
Lehenengo Mahaian, El Salvadorren (Evelyn Brito), Kariben, Dominikan (Tiffany Marcele) eta Filipinetan (Nikka Rivera) Familia Nekazaritzaren aldeko apustua egin duten gazteak aritu ziren, nazioarteko begirada emateko.
Bigarren Mahaian, Euskadiko esperientziak ezagutarazi ziren. Sebastian Joel Bertero, arrautza-ekoizlea, Errigoitiko ARRIONDO abeletxekoa, EUSKABER Kooperatibaren bidez saltzen duena. Marcela Pava, ortuari ekologikoen ekoizlea, Maruriko MUSTAI ORTUA ustiategikoa. Maite Mancisidor, esnetarako behien abeltzaina, aita Zumaiako Granja Sta Klaran ordezkatu duena eta KAIKU eta HARAKAI kooperatibetako kide eta kontseilaria; esne-ekoizpena eta nekazaritza-turismoa uztartzen dituena. Eta, azkenik, Antoine Emile Latour, barazki ekologikoen ekoizlea. Bizkaiko Foru Aldundiaren Landa Lurzoruaren Funtsak lagatako lursail bat ustiatzen du Gatikan, eta bazkide den TXANDA jatetxea bere produktuez hornitzen du. Horiek guztiek ekintzaile izatera animatzen dituzte bertaratuak, eta erakundeetara jotzea, hala nola Aldundira, Hazira edota Lursailera, informatzera eta ekintzaile izateko laguntza bila. Laguntzak onak dira, baina bete beharreko baldintzak ere badaude. Landa-ingurura hurbiltzera gonbidatzen dituzte gazteak, baina irudi bukoliko eta erromantikoa alde batera utzita. Halaber, hau adierazi dute: “ez dago zure herriarentzat elikagai osasungarriak ekoiztea baino gauza politagorik”.
Hirugarren mahaian, Administrazioaren ordezkariak izan dira, hala nola Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuorde Raul Perez Iratxeta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuko atalburu Joseba Escribano. Horiek “erronka enpresariak prestatzea da” esan digute, eta Administrazioak sektorera lehen aldiz hurbiltzen diren ekintzaile berriei edo titular helduak nekazaritzako ustiategietan ordezkatu nahi dituztenei ekonomikoki laguntzeko dituen tresnak ezagutarazi dizkigute.
Errelebo Plan berria aurkeztu dute. Horren arabera, erreleborik ez duten adineko nekazariak sektorean ekin nahi duten gazteekin harremanetan jartzen dira, lagatzen dutenentzat zein ekiten dutenentzat laguntzak emanez. Eta, azkenik, mahai hori amaitzeko, LURSAILeko gure lankide Alicia Martinezek LURSAILen bitartez ematen dugun laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuaren berri eman du: proiektua hasieratik monitorizatzen da eta lehen bost urteetan tutoretza ematen zaio. LURSAILen eginkizuna ekintzaileari laguntzea da, eta, horretarako, politikak eta tresnak bere testuingurura egokitzen dira; batez ere, “antena” gisa jarduten da, erantzunak ematen zaizkie eta, ahal den neurrian, haien behar administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak konpontzen laguntzen zaie, LURSAILen eremu bakoitzean espezializatutako profesionalekin harremanetan jarrita.
Eta, jardunaldiari amaiera emateko, Laboral Kutxako Nekazaritzako elikagaien sektoreko zuzendariak, landa-ingurunea ederki ezagutzen duenak (sektorekoa da, senideak ditu sektorean), finantza-gakoak jakinarazi dizkigu, eta, ezagutarazi digu berea bezalako finantza-erakundeek laguntza eta finantza-muskulua eman diezaguketeela ekintzailetza-proiektuak abian jartzeko eta garatzeko.
Jardunaldia aprobetxatu zen arratsaldean bisita bat egiteko LURAMAK_Bio ustiategira. Gamizen dago, eta bi emakumek kudeatzen dute: Nerea Irazabalek eta Yulia Razumovek. Duela 6 urte instalatu ziren, barazki eta fruta ekologikoak ekoizteko ustiategi batean, eta 5 hektareako fruta-arbolak, aire zabaleko barazkiak eta plastiko azpiko ortuariak lantzen dituzte, besteak beste. Beren haziak egiten dituzte eta beren produktuak kontsumo-taldeen, herrietako azoken eta produktu ekologikoak salgai dituzten denden bidez merkaturatzen dituzte.