LORRAkook hainbat ekintza egiten dugu nekazaritzako ekintzailetza sustatzeko; esaterako, proiektuetan eta sektorera sartzen ari diren pertsonengan jartzen dugu arreta, gogo handiz. Hala, asteotan, aurten kokatuko diren proiektu berriek sortzen duten interesa eta hedabideetan izan duten estaldura handia egiaztatu ahal izan ditugu.
Gizartean proiektu berriak zabaldu izana oso onuragarria da sektore osoarentzat. Izan ere, aukera profesional berriak ikusarazteaz eta gazteen eta ekintzaileen interesa pizteaz gain, garaien erritmora eboluzionatzen duen eta gizartean nekazaritza-lana duintzen laguntzen duen sektorearen irudia indartzen da. Gainera, benetako erreferenteak eta hurbilekoak erakusten dira, eta, hala, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzen eta landa-ingurunea garapen pertsonal eta ekonomikorako gune gisa modu positiboan hautematen laguntzen da. Hori guztia gure helburu estrategikoetako baten barruan kokatzen da: sektorean bizigarri berriak sartzen laguntzea eta lurraldeko profesionalen balioa nabarmentzea.
Bizkaiko hedabideak
Nekazaritza-proiektu berriek, eta lehenengo urratsetan horiek ezartzen laguntzeko gure misioak, oihartzun handia izan dute hainbat hedabidetan: Deia egunkariak artikulu bat kaleratu du gai horretaz; Onda Vasca irratiak elkarrizketa egin zion LORRAko kudeatzaile Martín Uriarteri, Km0 irratsaioan, ekiteko prozesuaren gako batzuk jakinarazteko.

Halaber, enpresa-arloko komunikabideetan ere eman da ekintzailetzaren berri, hala nola Mundo Empresarial, aldizkarian, zeinak adierazi duen Bizkaiko lehen sektorea, ekimen berrien eskutik, gazteagotzen ari dela eta Estrategia Empresarial egunkariak, zeinak azpimarratu duen profil berriek Euskadiko landa eraldatzen ari direla.
Proiektu berriak Estatuko hainbat hedabidetan ere aipatu dira, lurraldeaz aritzeko: Revista Emprendedores, Cantabria Económica, El Confidencial Digital eta El Mundo Financiero.
Nazioarteko kutsua
Protagonismorik handiena ekintzaileen profil berriek izan dute, gure errealitate sozialarekin bat datozenek eta baserriei nazioarteko kutsua ematen dietenak. Azpimarratzekoak dira aurten kokatuko diren Antonio Lovelli eta Antonie Latourren proiektuak eta 2022an instalatutako Julija Razumovarena.

Euskal telebista publikoak nabarmen lagundu du prozesu hori ikusarazten. Sustraia programak erreportaje bat eman zuen Antoine eta Juliya ekintzaileekin ETB1 eta ETB2 kanaletan, haien esperientziak eta proiektuak ezagutarazteko. Irratiei dagokienez, Radio Euskadi irratiak ekintzailetza-bolada berri horretako protagonistei elkarrizketa egin zien Bostekoa saioan.
Egunkariei dagokienez, Crónica Vasca hedabidean, aniztasun eta lurrarekiko grinaren bidez Bizkaiko landa berritzen ari direnAntoine eta Antonio baserritar berrien adierazpenak jaso ziren. Deia egunkariak ere zabaldu du berria, bertsio digitalean nahiz paperezkoan, baserritar berrien nazioarteko ikuspegiari buruzko erreportaje baten eskutik. LORRAkook zinez eskertzen dugu hedabideen lana, proiektu horiek guztiak agerian jartzen laguntzen ari baitira eta, batez ere, sektore berritzaile, jasangarri eta lurraldean errotuta dagoenaren aldeko apustua egiten dutenen balioa nabarmentzen. Agerikotasun horrek, zalantzarik gabe, pertsona gehiago bultzatzen du Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorearekin bat egitera eta horren etorkizuna bermatzera.